homepage Direktorioa Artea Historia Non dago
AgendaGida komertziala
   Historia  2/3  

Erdi Aroari dagokionean, dorretxeak mintzo zaizkigu batik bat eta, horien artean, artapen-egoeraren eta antzinakotasunaren zioz bat azpimarratzearren, Otxandategikoa aipa genezake. Litekeena da XIII. mendearen lehenengo erdian eman izana etxe hau eraikitzeko agindua. Etxe barrura sartzeko atearen gainean, harriz landurik, onibar honen oinordeko zen eta Butroeko V. Jaunaren arteko eztegua adierazten duen armarria, 1370. urte ingurukoa. Orain dela hamar urte herriak bereganatu zuen blasoi gisa.

Parrokia eliza bazela adierazten duen lehendabiziko lekukotza idatzia 1416.ekoa da, nahiz eta Iturritza harago doan eta ziurtatzen duen ugazaba-fededunek eraikia izan zela XII. Mendean. Santa Anako baselizari dagokionean, berriz, 1627.ean eraikitze-prozesuan zegoela dioten agiriak aurkitu dira.

Gure baserrien antzinakotasunak bat egiten du gure bertako deituren antzinakotasunarekin, baserrien izenetatik sortuak baitira deiturak, eta XV. menderaino joan behar dugu jatorrien bila abiatuz gero, aipatzen dituzten agiriei erreparatu besterik ez baitago, eta mendearen amaieran kokatuko ginateke, berriz, tipologiari bagengozkio.