Berangoko elizatea Euskal Herrian dago, Bizkaiko probintzian, Bilbo Handia eskualdean. 8,9 km²–ko hedadura du eta 7716 biztanle ditu.
Kokapen geografikoa
Berangok iparraldean Sopelarekin egiten du muga, ipar-ekialdean Urdulizekin, hego-ekialdean Erandiorekin eta Mendebaldean Getxorekin. Eozenoko materialak dira nagusi Berangon, eta erosiaren eraginez sortutako bere paisaia zabalean, muino batzuk baino ez dira nabarmentzen, Munarrikolanda (256 mimg), Saierri (197 mimg) eta Agirremendi (154 mimg). Gobela ibaia udalerriko alde batetik igarotzen da eta Abra badian itsasoratzen da. Bere ibaiadarrak Larrañazubi erreka eta iturri natural asko dira.
Ekonomia
Lehen sektorea: Bizimodu tradizionala zen, eta gaur egun ia-ia desagertu da. Hainbat gizonek hurbileko portuetan lan egiten zuten marinel bezala, eta baserrietan gari, arto, babarrunak eta txakolin egiteko mahatsondoak lantzen ziren.
Bigarren sektorea: Antzina, egur-ikatza egiten zen, hurbileko burdinoletan erabiltzeko, eta hareharrizko harrobiak zeuden. XX. mendearen hasieran, burdin eta eztainu meatzeak ustiatzeko ahaleginak egin ziren, baina itxi behar izan zituzten. Gaur egungo industriak garrantzi handia du, metalurgia eta doitasun-mekanika nagusiak direlarik.
Hirugarren sektorea: Gaur egun sektore hau nagusitu da (lana duen biztanleriaren %54).
Komunikabideak
EuskoTren-ek autobus-zerbitzuak eskaintzen ditu, Areeta, Armintza, Bilbao, Mungia eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campusera joateko. Dena den, Bilbao-Plentzia metroa da sarrien pasatu eta gehien erabiltzen den garraiobidea.