Historia

Badakigu duela berrogeita hamar bat milioi urte, gaur egun Berango osatzen duten lurrak itsasoak estalita zeudela, mila metro inguruko sakontasunean urperaturik. Halaxe ziurtatzen digute kontsulta egin duguneko geologia-mapek eta gure lurraldean aurkitu izan diren fosilek.

Orain dela 40.000 urte historiaurreko gizakia Plentziako itsasadarretik Bilboko itsasadarreraino luzatzen den kostaldean bizi zela ere badakigu. Eta, hain zuzen ere, hortxe dago kokaturik gure herria. Bertan barrena ibili zen gizakia batera eta bestera, erabilitako sukarrizko lanabesek eta Munarrikolandan aurkitu diren hileta-tumuluek, non hildakoak lurperatzen baitzituzten duela 3.000 - 4.000 urte, adierazten duten bezala.

Gure Garaia hasi aurretik Berangoko biztanle izan ziren gizaki haiek Karistiarren euskal endakotzat har ditzakegu, Estrabonek zioenez lurralde zabalean bizi baitziren arraza leinu honetakoak. Gaur egun Deba, Getxo, Trebiño eta Miranda izenez ezagutzen ditugun herriek markatzen zuten lurraldearen muga.

Karistiarrek okupatzen zituzten lurretako askok Bizkai izena hartuko zuten geroago, eta izen horrekin ageri dira dagoeneko 900. urtearen inguruko data duten agirietan.

Erdi Aroari dagokionean, dorretxeak mintzo zaizkigu batik bat eta, horien artean, artapen-egoeraren eta antzinakotasunaren zioz bat azpimarratzearren, Otxandategikoa aipa genezake. Litekeena da XIII. mendearen lehenengo erdian eman izana etxe hau eraikitzeko agindua. Etxe barrura sartzeko atearen gainean, harriz landurik, onibar honen oinordeko zen eta Butroeko V. Jaunaren arteko eztegua adierazten duen armarria, 1370. urte ingurukoa. Orain dela hamar urte herriak bereganatu zuen blasoi gisa.

Parrokia eliza bazela adierazten duen lehendabiziko lekukotza idatzia 1416.ekoa da, nahiz eta Iturritza harago doan eta ziurtatzen duen ugazaba-fededunek eraikia izan zela XII. Mendean. Santa Anako baselizari dagokionean, berriz, 1627.ean eraikitze-prozesuan zegoela dioten agiriak aurkitu dira.

Gure baserrien antzinakotasunak bat egiten du gure bertako deituren antzinakotasunarekin, baserrien izenetatik sortuak baitira deiturak, eta XV. menderaino joan behar dugu jatorrien bila abiatuz gero, aipatzen dituzten agiriei erreparatu besterik ez baitago, eta mendearen amaieran kokatuko ginateke, berriz, tipologiari bagengozkio.

Berangon izan ziren irinerako zortzi boluen artean, agirien bidez egiaztaturiko antzinakotasunak garrantzi berezia ematen dion Pozakoa nabarmentzen da. Errota hau da, “las aseñas de Poza de Merana” izenaz ezagutzen zutena,XIV. Mendearen lehenengo erdian Mencía andreak oinordekotzan bereganatu zuena. Aitak emana zen berea, eta aitaren eskuetara, berriz, emaztearen bidez heldu zen, Altamiran 1275. urtean izaniko borrokaren ondorioz zenduriko Iñigo Ortiz de Ibargoeren alaba zelarik.

Mendeak joan mendeak etorri, Berangon bizi izanikoen gaineko datu fidagarriak ditugu 1515.etik aurrera. Berangok ere bizi izan zituen gerrekin loturiko gorabehera latzak, batik bat Ibargoendarrek eta Butroetarrek XIII, XIV eta XV. mendeetan zehar parte hartu zuteneko bataila ankerrek eraginda.

Herriko semerik aipagarrienen artean, ongile bikaina izan zen Simón Pedro de Otxandategi arkitektoa aipatu behar da, berari baitizkiogu zor, jaioterri izan zuenarenganako maitasunaren erakusgarri gisa, elizaren gaur egungo dorrea eta Udaletxea.

Baina horri guztiari eta txit interesgarri diren beste hainbat gairi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Berangoko historiaren gainean Alberto Diez Saiz–ek idatzitako "40.000 AÑOS DE HISTORIA" liburuak dituen ataletara sartuta geuregana dezakegu.