Albisteak

 
Moreagako parkeak antzinera bidaiatuko du Erdi Aroko azoka girotzeko. Ostiralean, maiatzak 18, arratsaldeko bostetan irekiko da parte hartzen duten artisauek eta ekoizleek egingo duten kalejirarekin. Aurten 150 pertsona inguruk eta eskulangintzako 85 saltokik osatuko dute merkatua.
Erdi Aroan girotutako azokak garai hartako antzerki ikuskizunak, artisauen erakusketak zuzenean, musika eta abar eskainiko ditu. Azoka zabaltzen denean, umeentzako jolasak, lanbide tailerrak eta falkoneria ere irekiko dira. Ondoren ipuin kontalaria egongo da, orkestra-gizona esparruan zehar dabilen bitartean, eta “Confusión” konpainiak bere antzerki ibiltariarekin publikoa alaituko du. 17:30ean eta 19:00etan falkoneria erakusketa egongo da. Txotxongiloen antzerkiak “Los cuentos del gato soñador” eskeiniko du 19:30ean. Musikak, antzerki ikuskizunak eta trikimakoekin egingo den kalejirak arratsaldea girotuko dute 22:00ak arte. Ordu horretan tailerrak itxiko dira.
“Aurten aktibitate eta umeentzako antzerki ikuskizun asko antolatu ditugu. Ipuinkontalaria, txotxongiloak, zangaluzeak, gurpila eta trapezioa erabiltzen dituzten zirko jarduerak… gauza ugari”, azpimarratzen du azokaren antolatzailea den Pedro Carrascok. Larunbatean aktibitatea egun osoan luzatuko da. Merkatuaren kide guztiek parte hartuko duten kalejira bereziarekin hasiko da 10:45ean, Sabino Arana kalean, Moreagan pregoiaren irakurketarekin amaitzeko.
Ipuinkontalaria, txotxongilolariak, malabaristak eta abar egongo dira larunbat osoan, txotxongiloen antzerkiarekin gauari amaiera emateko, 20:30ean. Barzonia taldeak folk-zelta joko du, 21:00etan, eta 22:00etan musikarekin eta suarekin antzez-formako ikuskizuna eskainiko da. Igandean ekintzak goizeko hamaiketan hasiko dira eta gaueko hamarretan amaituko dira. Postuetan artisautza oso anitza izango da eta, beste erkidegoen artean, Euskadi, Gaztela-Leoi, Andaluzia, Galizia eta Extremadurako gastronomia produktuak salduko dira.
Gazte Mahaia
Gainera, Berangoko elkarte edo proiektu batean parte hartzen baduzu eta ezagutarazi nahi baduzu, Erdi Arako Azokan egiteko aukera izango duzu. Han Berangoko Gazte Mahaiak informazio toki bat zabalduko du gazte
sortzaileekin eta kirol eta kultur elkarteekin lan proiektuak, artisautza lanak eta herriko dendak partekatzeko. Esparru hau maiatzaren 18, 19 eta 20an egongo da zabalik.