Albisteak

 
Antzerkiko Amateur Jaialdiaren bigarren edizioak aparteko hiru antzezlanez gozatzeko aukera eskaintzen du. Lehenengo ikuskizuna Federico Garcia Lorca Andaluziako poeta eta dramagile bikainaren lan klasiko bat izango da. Herriko Txirlora taldeak “La casa de Bernarda Alba” antzezteko apostu handia egin du. Lan hau maiatzaren 4an, arratsaldeko zazpietan, Berango Antzokian aurkeztuko da. Obra honek autoritarismoaren eta askatasunaren arteko borroka islatzen du.
Maiatzaren 11n Itzartu taldeko partaideen txanda izango da. Sopelanako emakumeen elkarteko talde honek Juan José Alonso Millánen “Damas, señoras, mujeres” lana aurkeztuko du. Miguel Mihura edo Enrique Jardiel Poncela zentzugabeko antzerkiaren aitzindariak izan ziren eta hauek utzitako umorezko ondare satiriko bikainaren ordezkari ona da Juan José Alonso Millán. Oraingo honetan antzeztuko den lana oso emakume ezberdinak batzen dituen komedia da.
Eta antzerki jardunaldiei amaiera emateko Derioko Sutondo konpainiaren lana aurkeztuko da. Miguel Mihuraren “Las entretenidas” antzeztuko dute, maiatzaren 25ean. “Las entretenidas” obrak sentimenduzko harreman batzuk zurrumurruen ondorioz pikutara joan daitezkeela erakusten du.
Maiatzean lau antzezlan eskainiko direnez, bederatzi euro balioko duen  txartel bat salduko da eta honekin emanaldi guztiak ikusi ahal izango dira, “Carpe Diem” ere. Azken hau Txalo konpainiak aurkeztuko du maiatzaren 18an, 19:00etan, aktoreen artean Iker Galartze, Sara Cortazar eta Joseba Usabiaga aurkitzen direlarik. Ikuskizun bakoitzerako banakako sarreren prezioa 3 eurokoa izango da. Lortutako diru guztia Angelman Sindromearen Elkarteari emango zaio.