Albisteak

 

Berangoko Udaletik, Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako NEKAZARITZA LURREN FUNTSAren proiektuaren berri eman nahi dizuegu. Proiektu honen helburu nagusiak, nekazaritza lurrak zaindu eta hobetu eta nekazaritza-abeltzaintzako ustiategiak mantentzea dira.

Gero eta sarriagotan, erabat abandonatutako hainbat lur sail ikusten ditugu gure inguruan, eta, hori gutxi ez eta, lur sailotan, suteak, izurriteak eta gaixotasun fitosanitarioak gertatzeko arriskua dago. Gainera, ez dute ezer produzitzen.

Helburua da, beraz, abandonatuta eta ezer produzitu gabe dauden lur sailei balioa ematea

Aldundiaren ekimen honen bitartez, nekazaritza jardueretan aritzen diren pertsonek edo gazte ekintzaileek —normalean, zailtasun handiak izaten dituzte lur sailak erosiz lortzeko, besteak beste lurra oso garestia delako— aukera dute titulartasun publikoko edo pribatuko landa lurrrak baliatzeko. Landa lur horiek gaur egun ez dira erabiltzen, eta beren jabeek Funtsari uzten dizkiote aldi baterako. Gainera, hori da modu bat gazteak nekazaritza arlora irits daitezen eta belaunaldien arteko txanda gerta dadin bultzatzeko.

Lur sail horiei balioa emateak, lurrak baldintza egokietan mantentzeaz gain, era berean onura dakarkie jabeei beraiei ere, utzitako lur sailen truke alokairua jasotzen dute eta.

Basalan S.A. —Nekazaritza Lurren Bitartekaritza eta Ikuskaritzarako Bulegoa— foru sozietate publikoa da, eta bere eginkizuna da Nekazaritza Lurren Funtseko ondasunak eta eskubideak administratzea eta funtseko lurrak hirugarrenei esleitzea.

Berangoko Udalak, horren harira, jakin nahiko luke zein den gure udalerriak gai honetan duen errealitatea, eta horretarako, interesatuen datu basea sortzeaz gain bilera edo hitzaldia antolatuko dugu Lurren Funtsa sakon sakon zer den azaltzeko.

Horregatik, bada, nekazaritza edo abeltzaintzarako erabiltzen ez den nekazaritza lurraren JABEA bazara, edo zeure nekazaritza nahiz abeltzaintza ustiategia abian jartzeko lurra errentan hartzeko INTERESA baduzu, anima zaitez eta jarri harremanetan Udalarekin.