Albisteak

 
Amateur Antzerkiaren Jaialdiak hiru lan aurkeztuko ditu. Ikuskizunak maiatzaren 7an, 14an eta 21ean antolatu dira Berango Antzokian arratsaldeko zazpietan, eta hara hurbiltzen den publikoak entretenimendua eta gogoeta ziurtatuta izango ditu. Hiru dramagile klasikoek idatzitako lan bikainak dira, umore kutsu handia dutenak.
Sopelako Itxartu elkarteko antzerki taldeak jardunaldi hauei hasiera emango die, pasadan edizioan antzeztu ezin izan zen muntaiarekin. “Todas somos compañeros” Jaime de Armiñan dramagilearen lana da. Ironiaz eta umorez beteta, emakumeak bakarrik lan egiten duten bulegoan gizon bat lan egiten hasten denean gertatutakoa azaltzen du. “Oso dibertigarria da”, azaldu du Itxartuko zuzendaria eta jaialdiaren antolatzailea den Fernando Ansoleagak.
Maiatzaren 14an, Sutondoan taldeak Alejandro Casonaren “La barca sin pescador” aurkeztuko du. Txinako atsotitz baten inguruko hausnarketa da. Atsotitzak honakoa planteatzen du: zer egingo zuten pertsonek beste norbait hiltzeagatik dirutza handia eskainiko baliete, hilketan parte hartzeko beharrarik ez balute. Kasu honetan protagonista negozioko gizon gogorra eta krudela da eta porrot egiten duenean deabrua agertzen zaio tentatzeko.
Txirlora-ACADAE (Arte Eszenikoen Lagunen Kultur Elkartea) herriko antzerki taldeak “Las mujeres sabias” lana aurkeztuko du. Moliereren obra bat da, Ansoleagak XVIII. mendean girotu duena. “Oso dibertigarria da, oso barregarriak diren egoerekin; oso girotua dago eta, Moliereren guztia bezala, gaur egungoa dirudi”. Txirlora-ACADAEko zuzendariak jantziek “bisualki oso erakargarria izatea” lortzen dutela azpimarratzen du.