Albisteak

 
Simon de Otxandategi taldeko kideentzat oso egun mugituak dira, uztailaren 9tik 12ra bitartean Berangoko Nazioarteko Folklore jaialdia ospatuko delako. Lantzarten karpa erraldoia kokatuko da eta bertan musika eta dantza ikuskizunak eskainiko dira, 20:30ean hasiko direnak. Bostgarren edizio honetan Euskadiko, Galiziako eta Mexikoko ordezkariak egongo dira, eta Indonesiako talde batek ere parte hartuko du.
Jaialdi honetan ohikoa den bezala, kanpotik heltzen diren partaide guztiak Berangoko elkartearen kideen eta hauen familien eta lagunen etxeetan geratuko dira. Berangoztar hauek musikariak eta dantzariak egun hauetan beraien etxeetan izateko eskaini dute burua.
Iñaki Gonzalezek zuzentzen duen herriko talde honen kideak izango dira anfitrioiak eta bostgarren edizio honetan Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideak ere batuko dira. Bizkaiko ordezkaritzaz gain, Galiziako Naron herriko “Grupo de Baile Tradicional Alxibeira” eta “Banda de Gaiteros del Patronato de Cultura” taldeek parte hartuko dute. Atzerriko partaidetza Mexikoko “Fusión Floclórica de Hidalgo” eta Indonesiako “UKM Tari Tradisional Universitas Paradina” taldeen eskutik etorriko da.
Andra Mariko Dantza Taldeak dantza erakusketei hasiera emango die, ostegunean, Lantzarteko zelaian. Jarduera luzeko elkarte honek euskal dantzen erakustaldia eskainiko du, batez ere gure Lurralde Historikoko dantzekin. Beraien erakusketa hurrengo egunean burutuko den talde guztien emanaldiaren aurrerapena izango da. Jardunaldi horretan anfitrioiek eta beste talde guztiek parte hartuko dute, Andra Marik izan ezik.
Larunbatean aktibitatea lehenago hasiko da, Berangoko Udaletxean 12:00etan egingo den harrera ofizialarekin. Kasu honetan, alkatea den Anabel Landa anfitrioia izango da. Aurreko edizioetan alderdi politiko guztietako ordezkariak egon dira ekitaldi honetan. Ordu bat beranduago, herri desberdinak batzea eta beraien dantzen eta musikaren ohiturak erakustea helburu duen jai hau Sabino Arana kalera mugituko da eta han erakusketa bat egongo da. Jardunaldia beste emanaldi batekin amaituko da Lantzarten, 20:30ean.
Jaialdiaren amaiera igandean izango da. 12:00etan kalejira Sabino Arana kaletik irtengo da Lantzarterantza eta han Simon de Otxandategi Dantza taldeko umeek parte hartuko dute. Ordu erdi beranduago soka-tira erakusketa egongo da, Goiherri taldearen eskutik. Mariachi Hidalgok 13:00etan egingo den herri bazkaria alaituko du eta jaia Urrats taldearen erromeria herrikoiarekin amaituko da, arratsaldeko bostetan.