Albisteak

 
2019ko Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesua martxan jarri da Berangon. “Bidea egiten” leloarekin auzokoei deialdia egiten zaie beraien proposamenak aurkeztuz modu aktiboan parte hartzeko. Proposamen hauek onura orokorrera bideratuta joan behar izango dute. Udalak bideragarriak direnak aztertuko ditu, helburua “herritarren beharrak eta lehentasunak ezagutzea kontuak egitean kontutan hartu ahal izateko” baita, Herritarren Partehartzearen zinegotzi arduraduna den Juan Carlos Colladok azaltzen duen bezala.
Gobernu Taldeak ekimen hau bultzatu du ondoz ondoko hirugarren urtean, herrian erroldatutako 16 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango duelarik. Gobernu taldearentzat “garrantzitsua da parte hartu duten herritarren iritzia, Aurrekontuak prestatzerakoan erabilgarria izango delako”.
Ostegunean, urriak 25, “photocall” bat egongo da Osasun Zentrotik hurbil, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldean Berangoetako Kultur Etxean izango da, 16:00etatik 19:00etara.
Honez gain, beste bi ekintza burutuko dira prozesu hau herritarrei hurbiltzeko eta parte-hartzeko zer egin behar den argitzeko. Lehenengoa urriaren 25ean izango da Berangoetako Kultur Etxean, arratsaldeko zazpietan. Bigarrena azaroaren 7an izango da, 19:00etan, Nagusien Etxean.
Proposamenak azaroaren 11ra arte aurkez daitezke. Udal-eskuduntzakoak izan behar dute, ondoko gaiekin erlazionatuta: Hirigintza, Lanak eta Zerbitzuak, Berdintasuna, Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria, Droga-mendekotasuna, Ingurumena, Osasuna, Herritarren Segurtasuna, Herri-babesa eta Gizarte Ekintza.
 
Proposamen guztiek bideragarriak izan behar dute teknikoki eta ekonomikoki bere jasangarritasun ekonomiko eta finantzarioa justifikatuz; onura orokorrari eta herritar guztien onurari lehentasuna emango zaie bakoitzaren interesen gainetik eta herriaren lurralde oreka bermatuko da. Ez dute inola ere sartu behar legez kanpoko eduki difamatzailea edo diskriminatzailea.