Albisteak

Ametrailadoren kabia Mendiben 

Alkateak nabarmendu duenez, "kultur intereseko ekimena dugu, turismoa erakartzeko asmoz". Bisitariek udalerriko ostalaritza establezimenduetan kontsumitu edo tokiko saltokietan eros dezatela da asmoa.

Aurten zabalduko dute Burdinazko Gerrikoaren interpretazio zentroa Berangoetako Kultur Etxeko erakustaretoan, 75. urteurrenarekin bat eginez. Mostra panel grafikoez osatuta egongo da, Gerra Zibileko defentsa hesi horren abiapuntua azaltzeko; baita zeharkatzen zituen udalerriak, erori arte bertan izan ziren batailak eta ondorengo urteetan izan zuen gainbehera ere.

Gainera, material anitz egongo da aipatu gunean. Objektu pertsonalak, jantziak, gutunak, txanponak edota gudariek erabiltzen zituztenak ikusteko aukera izango da. Bestalde, mapa, garai horretako egunkari, kartel, bandera, maketa edo argazkien bitartez, informazio ugari eskainiko zaio bisitariari. Sancho de Beurko elkarteari esker lortu da aipatu panelak eta objektuak lortzea. Gerra Zibila Euskadin aztertzeaz arduratzen da aipatu elkartea.

"Turismoa erakartzeko interes kulturaleko ekimena da", azaldu du Aitor Miñambres Ogasun eta Turismo arduradunak. Estatuko beste hainbat udalerritan arrakasta handiz abian izan dira Gerra Zibilaren inguruko antzeko ekimenak.

Berangon interes berezia dauka mostrak, hormigoiz egindako metrailadore kabi bat egoera onean mantentzen delako oraindik. Konponketa lanak ia amaituta daude. Hartara, Burdinazko Gerrikoaren interpretazio zentroan izan ondoren, bertaraino gerturatu ahal izango dira bisitariak. Tokiko elementuak babesteko Plan Orokorraren barruan sartu zuten aipatu egitura militarra.

Hain zuzen ere, Sancho de Beurko elkarteak eman zion Berangoko alkateari udalerrian dagoen Gerra Zibileko ondarearen gaineko txostena, hori kontserbatzea aholkatuz. Hori horrela, Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkartearekin harremanetan jarri zen tokiko erakunde, hiru eragileren arteko elkarlana sustatuz. Hain zuzen, elkarte horien lana goraipatu du Anabel Landa alkateak, Uribe Kosta eskualdean aipatu ondarea berreskuratzeko helburua daukatelako, turismoari dagokionez indargunea izanik. "Aldi berean, trekking ibilbidea osatzea da asmoa, Burdinazko Gerrikoaren interes puntuak eta Munarrikolandako dolmenak hartuz". Landaren ustez, horrela "ostalaritza establezimenduetan kontsumitu edo tokiko saltokietan erosiko luketen bisitariak erakarri ahalko genituzke".

Halaber, Berangoetan "gure historiako garai beltz horretako memoria gordetzeko baliagarria izango den espazioa sortzea da kontua", baina aldi betean "izaera dinamikoa emanez: kultur ekitaldiak, filme erakustaldiak, hitzaldiak, sariketak edo liburu-aurkezpenak hartuko ditu".

Berangotik Somorrostrora, Burdinazko Gerrikoa erakutsiko interpretazio zentroak, Uribe Kosta inguruari erreparatuz. Gogoratu behar da, aipatu defentsa Larrabetzu eta Gamiz-Fikan apurtu zenetik Eusko Gudarosteko bosgarren dibisioak –Beldarrain komandantearen agindupean– atzera egin behar izan zuela, etsaiak ingura ez zezan. Gezi Beltzek okupatu zuten zonaldea, bolondres gerrara etorri ziren alkandora beltz italiarrak, alegia.

Beste alde batetik, interpretazio zentroa Berangoetako erakusgelan zabalduz, bertoko eskaintza kultura Berango Antzokira aldatu beharko da. Azken horrek espazio egokia dauka lan artistikoak erakusteko.

Gerrate zibila Euskadin Display-a