Albisteak

 

Berangoko Nazioarteko Miliaren hogeita zazpigarren edizioak gaur egungo atletarik onenetariko batzuk bilduko ditu urriaren 4an, bai emakumezkoen kategorian bai gizonezkoen kategorian ere. Proba honen kalitateak pasadan urtean, puntu-kopuruari dagokionez, Estatuko bigarren hiri-milia bezala jartzera eraman zuen.

2013an Zacarie El Mazouzzik irabazi zuen, Rui Silvaren eta Ivan Fernandezen aurretik. Emakumezkoen lasterketa Solange A. Pereirak irabazi zuen, Iris Fuentes Pila eta Isabel Macias bigarrena eta hirugarrena izan zirelarik. 2013an parte-hartze maila altua mantendu zen berriro ere, irteeran iraupen-erdiko lasterketetan nazioarteko ordezkaritzarik onena egotea ahalbidetu zuena.

Milian eskola, herrikoi eta federatu mailakoek parte hartzen dute, atleta paralinpikoekin batera. Era berean, minusbaliotasun fisikoren bat daukaten kirolariek handbike (moldatutako bizikletak) txapelketan parte hartzeko aukera izango dute. Emakumezkoen alebin mailako neskak irtengo dira lehenengoak, 16:30ean.

Berangoko Atletismo Eskolako kideek berezko protagonismoa izango dute froga honetan eta publikoak hauek txalokatzeko aukera izango du zirkuituari bira bat ematen diotenean, 18:25ean. Elitezko lasterketak arratsaldeko zazpietan hasiko dira emakumezkoen frogarekin, hogei minutu lehenago gizonezkoen lasterketa baino.

Historia eginez, Berangoko Atletismo Eskola 1984. urtean sortu zen, eskolako umeen artean kirol hau sustatzeko eta 1990. urtean sortuko zen kluberako oinarria izateko asmoarekin. Berango Atletismo Taldea kategoria ezberdinetako 120 atletek osatuta dago, Josu Hernandez  presidentea delarik. Hauetako gehienak emakumeak dira.

Aitor Cancio, Amaia Sanchez eta Josu Hernandez dira talde honetako entrenatzaileak. Berangoko Udalaren diru-laguntzarekin eta atleten ekarpenarekin mantentzen da elkartea. Erakundearen helburua eskola, herrikoi, federatua eta moldatutako kirola bultzatzea da, aurreko edizioetan egin zen bezala.

“Milia 1988. urtean antolatzen hasi zen, taldeko atleten guraso askoren eta kirol honetako zaleen laguntzarekin. Klubeko atletek beste herrietako kirolariekin batera herriko lasterketa batean, herriko jaietako programaren barruan, parte hartu ahal izatea zen asmo bakarra”, gogoratzen du Josu Hernandezek. Hasierak zailak izan ziren, kartelak eta dortsalak ere eskuz egin behar izan ziren.

1990.ean maila garrantzitsua eta komunikabideetan eragin handia lortu zen, atleta ezagunen parte hartzeari esker. Bi urte beranduago, frogak nazioarteko mailaren kategoria lortu zuen. Orduan bai, iraupen-erdiko atletarik onenak parte hartzen hasi ziren, Jose Luis Gonzalez, omenaldi bat egin zitzaiolarik, J. Peter Herold (Alemania), Christopher Imper (Belgika) eta Anja Buysse (Belgika) bezala. Keniako Micah Boinet izan zen irabazi zuen lehenengo atzerritarra, Argentinako Mabel Arrua bezala, 1994.ean irabazi zuena.

Urtero lortzen den parte-hartze garrantzitsua, kirolariei elitezko beste txapelketekin konparatuz tratu pertsonal desberdina ematen zaielako gertatzen da.