Albisteak

 
“Paisaia bizia” urrian burutuko diren 2017ko Ondarearen Europako Jardunaldien gaia da. Berangon argazki erakusketa bat, Burdin Hesira irteera bat eta antzeztutako bisita bat egingo dira. “Hormigoizko Paisaiak” argazki erakusketak programazioari hasiera emango dio. Erakusketa honek Burdin Hesia defendatzen zuen obra izugarria begiestea eta Bizkaiko lurraldean hamarkadetan mutu iraun duela erakustea ahalbidetuko du. Hesia 1936 eta 1937. urteen bitartean eraiki zen eta Bizkaiko paisaia, oro har, eta Berangokoa, bereziki, aldatu zituen.  
Defentsa militarrerako altxatu ziren lubakiek eta hormigoizko obra horiek landak eraldatu zituzten eta larretan nabarmendu ziren, eraitsi zituzten arte. Hamarkadak pasatu ostean, zuhaitzek eta landareek estalitako aztarnak geratzen dira. Erakusketa urriaren 2tik 31ra zabalik egongo da Simon de Otxandategi kaleko 64. zenbakian kokatutako Berangoetako Kultur Etxean. Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoak eta Berangoko Udalak lanegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango den erakusketa hau antolatzen dute.
Jardunaldi hauetako hurrengo ekintza Museoak berak Berangoko eta Sopelako Udalekin batera antolatzen du. Urriaren 7an izango da eta basoak ezkutatzen dituen Gerra Zibileko paisaiak ezagutzeko bisita gidatua izango da. Burdin Hesiko eraikuntzak eraitsi egin dira eta gaur egunera arte iritsi zaizkigun hondarrak landarediak estalita egon dira, segak eta suak argitara eman dituzten arte. 
Bisita hasteko topagunea Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa izango da, Berangoko Simon de Otxandategi kaleko 64. zenbakian kokatuta dagoena. Irteera urriaren 7ko, larunbata, bederatzi eta erdietan izango da eta aktibitate honek lau ordutako iraupena izango duela aurreikusten da. Informazioa eta erreserbak 94 668 21 43 telefonoaren bidez edo burdinhesia@berango.org helbidera posta elektronikoa bidaliz kudeatuko dira. Eskaera handia egotekotan, bigarren talde bat antolatuko litzateke eta, kasu horretan, bisita urriaren 21ean, larunbata, bederatzi eta erdietan, burutuko litzateke. Bigarren talde honen kasuan, ibilbidea Sopelako Urkoko futbol zelaiko aparkalekutik hasiko litzateke. 
ACADAE
Berangoko paisaiaren bilakaera ere eskainiko da urriaren 14an, 19:00etan, egingo den antzezlan erakusketaren bidez. Herriko ACADAE antzerki taldeak (Arte Eszenikoen Lagunen Kultur Elkartea) garai desberdinetako pertsonaia anitzak erakutsiko ditu. Pertsonaia hauek modu dibertigarri eta didaktikoan paisaiak mendeetan zehar herrian jasan dituen aldaketak azalduko dituzte. 
Hazten ziren landareak eta loreak, garai desberdinetako bizimoduak eta baserritarrek beraien ortuetan landatzen zutena erakutsiko dituzte. Horrek ikusleei historiaren une bakoitzean, arestiko garaiak arte, nola ulertzen zen paisaia ezagutzea ahalbidetuko die.
Lekuak mugatuak direnez, erreserbak 94 668 21 43 telefono zenbakira deituz egin behar dira, edo berangokultura@berango.org helbidera posta elektroniko bat bidaliz.