Albisteak

 
 Maiatzaren 5ean Osasun Zentrotik hurbil dagoen Moreagako Parkean ospatuko da Berangoko Nekazaritza eta Eskulangintza Azoka eta aurten 65 postu egongo dira. Simon de Otxandategi Dantza Taldeak antolatuko du jardunaldia eta erakusketarien kopurua mantentzea lortu du Euskadiko Euskal Pastelaren 15. txapelketa jasoko duen azokaren 20. edizio honetan. Ekitaldian artisauek zuzenezko erakusketak egingo dituzte, doako dastamenak egongo dira, txistulariek musikarekin girotuko dute eguna eta Simon de Otxandategik zanpantzar dantza eskainiko du. Umeentzako puzgarriak ere egongo dira.
“Edizio honetan herriko artisauen presentzia handia azpimarratu beharra dago. Azokara etorriko diren 24 artisauen erdia, gutxi gorabehera, Berangokoak dira”, azaldu zuen herriko dantza taldearen  kidea den Jon Celayak. Gastronomi atalak ere garrantzi berezia izango du, txokolatea, arrain-kontserbak, txarkuteria, eztia, pateak, gaztak, barazkiak eta txakoli salmenta-postuetan. Era berean, Urdulizeko garagardoko ekoizle batek  bere produktua salduko du. Barazkiak ere ez dira faltako azokan. Euskadiko Euskal Pastelaren txapelketan 14 profesinalek hartuko dute parte.