Albisteak

 

Santa Anako jaiak uztailaren 23an hasiko dira Txuma Memorialarekin, Berango Txirrindulari Elkarteak antolatua. 11:30ean hasiko den proba honek, lau jardunaldiko jai egunei hasiera emango die. Kirol froga hau lehenengo jardunaldirako aurreikusten den ekitaldi bakarra izango da.

24an soka-tira txapelketa burutuko da, goizeko hamaiketan, Euskal Joko eta Kirol Federakundeak bultzatuta. Arratsaldean aktibitate gehiago egongo dira. Tor Magoaren ikuskizuna umeentzat eta nagusientzat erakargarria eta dibertigarria izango da eta Berango Antzokian burutuko da 19:00etan. Ordu bat beranduago txokolatada egongo da eta, ondoren, gazteentzako diskofesta eta mozorroen lehiaketa egingo dira. Aktibitateak gauean amaituko dira, Enkore taldearen kontzertuarekin eta Trikizio taldearen erromeriarekin.

Uztailaren 25eko jarduerak umeentzako parkearen irekierarekin hasiko dira. Puzgarriak, tailerrak eta jolasak egongo dira txikienentzat, 12:30etik 15:00etara. Torrekolanda Kirol Taldeak arratsaldeko 18:00etan hasiko den zaldien froga bultzatzen du. Ordu erdi beranduago umeentzako herri kirolen erakusketa egongo da. 19:30ean sardina dastaketa herrikoia egingo da, eta jarraian, Otxandategi Abestaldea koruaren emanaldia izango da (21:00etan). Amaitzeko, Luhartz taldearen kontzertua egongo da 23:30ean.

Azken jardunaldian, uztailaren 26an, meza bat ospatuko da eguerdian Santa Ana auzoko baselizan. Meza amaitu ondoren, 13:00etan, nagusientzako hamaiketakoa eskainiko da eta Simon de Otxandategi umeen dantza taldearen ikuskizuna burutuko da.

Emakumeen Goma Paleta Zirkuituaren barruan dagoen pilota partidaren kanporaketa, arratsaldeko seietan hasiko da. Ordu bat beranduago umeentzako festa egongo da, Pack-Man-Dantza taldearen eskutik. Oilasko pintxoen banaketa zortzietan izango da. Azkenik, jaiei amaiera emateko, Gold Habana taldeak errepertorio berezia eskainiko du, "Cuba canta a Euskadi" deitutakoa.