Albisteak

 

Berangoko Erdi Aroko Azokak artisauen talde handia eta era askotako ekoizleak bilduko ditu maiatzaren 15, 16 eta 17an. Artisauak eta ekoizleak elkartu egin dira gastuak murrizteko eta ekitaldiaren benetako onuradunak nekazariak eta profesionalak izan daitezen. Berangoko Udalak Moreagako parkean arratsaldeko bostetan hasiko den ekimen hau bultzatzen du. 250 pertsonek parte hartuko dute azokan, aktoreen taldeak eta erdi aroko musika eta musika zelta batzen dituen folk taldea barne.

"Zabalik egongo diren 85 saltokietan denetarik salduko da: Jerten hartutako lehenengo gereziak, Galiziako uxualak, Casarreko gaztak, bere filigranengatik famatua den Cordobako urregintza..." azaltzen du azoka honetako koordinatzailea den Pedro Carrascok. Merkatuan Uribe Kosta eskualdeko artisauak ere egongo dira. "Elkartzea erabaki dugu, publizitatean eta ikuskizunetan gastatzen dugun dirua guregana itzul dezan", esaten du Carrascok. Koordinatzaileak te eta infusioen saltokia dauka, bere familiako bost belaunaldiek Jaenen egindako lanarekin jarraituz.

Azokak garai-kanpamentua, erdi aroko ikuskizunak, falkoneria-erakusketak, basabereen espazioa eta haurren tailerrak izango ditu. Baina ekimen honek guztiak kutsu kultural handia du, merkatuaz aparte artisau hauek Penintsulako Iparraldetik pasatzen den Santiagoko Bidea berreskuratzeko proiektua martxan jarri baitute. Gainera, bidaiarientzako bisita gomendagarriko inguruak batzen dituen gidaliburua egiten ari dira. Horregatik basabereetako eta falkoneriako erakusketak didaktikoak izango dira.

"Umeei erakutsiko zaie arranoak, belatzak eta saiak zer diren eta naturan duten papera eta garrantzia. Biodibertsitatea zaintzearen eta jasangarriak izatearen garrantzia erakutsi nahi diegu". Carrascok azaldu duenez, animalien moten artean espezie exotikoak ere egongo dira, surikatak bezala, eta galzorian dauden beste batzuk ere, Europako katamotza bezala. "Zugarramurdiko Berreskurapen Zentroaren animaliak dira" argitzen du. Horretaz aparte, artisauen erakusketak, umeentzako tailerrak -arku-tirokoa bezala- eta mineralen eta perlen saltokiak ere egongo dira.

Moreagako merkatuak saltoki bereziak eta erakargarriak eskainiko ditu, teteria eta arabiako pastena edo Indiako artisautzari zuzendutakoa bezala. Euskal Herriko artisauez eta ekoizleez aparte, honakoak egongo dira: Valentziako txokolateak, Santoñako eta Nafarroako kontserbak, Leoneko zezina, Toledoko ezpatak, marmoleko irudiak, artisau-jaboiak, Uribe Kostako artisauen arropa eta osagarriak, olatak, koadroak, eltzeria eta larrua, besteak beste. Ostiralean arratsaldeko bostetatik aurrera zabalduko da; larunbatean 11:00etatik 15:00ak arte eta 17:00etatik aurrera, igandean bezala.