Albisteak

 

Berango Antzokiak programa berezi bat antolatu du Euskararen Eguna ospatzeko. Abenduaren 1ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, "EnREDad@s" antzerki ikuskizuna eskainiko da, sarrera dohain izanik. Muntaia honek gazteek pantailekin eta euskarri desberdinekin -telebista, interneta, bideojokoak eta sakelako telefonoak- duten harreman sakona lantzen du.

Piztutako pantaila batek sortzen duen lilura hori izango da narrazioaren eta publikoarekin konplizitatea ezartzeko ardatza, hain zuzen ere. Ikuskizuna Uribe Kostako Mankomunitateko Drogozaletasunen Prebentzio Zerbitzuaren laguntzarekin eskaintzen da.

Abenduaren 2an, arratsaldeko 18:00etan, txotxongilo ikuskizuna aurkeztuko da. “Katillukadak” Katillu bertsolariaren jakituria erakusten du. Katillu herrietan zehar dabil bere ipuinak kontatzen entzun nahi dituen edonori. Bere lan ugarien artean- sukaldaria eta teknikaria, besteak beste- bere istorioak aurkezten dizkio publikoari. "Katillukadak", txotxongiloak maneiatzeko bost modu ezberdin erakusten dituen antzerki lana da.

Euskararen Eguna 1949tik aurrera Eusko Ikaskuntzak bultzatutako ekimena da, urtero abenduaren 3an ospatzen dena.