Albisteak

 

Berangoko Berdintasun Sailak, herriko emakumeen elkartearen laguntzarekin, ekitaldi desberdinak antolatu ditu Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta. Aktibitateak adin guztiei zuzenduta daude eta helburua herritarrak indarkeria sexistarekin amaitzearen beharraz kontzientziatzea da. Era berean, ekimen honek gurasoei beraien seme-alabek horrelako bortizkeria jasotzen duten antzemateko moduak ezagutaraztea eta tratu txarrak jaso dituzten emakumeei laguntza eskaintzea bilatzen du.

Agenda gaur hasten da, azaroak 14, 18:30ean. Berangoeta Kultur Etxean, dohainiko sarrerarekin, Sandra Brizuelak, Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-laguntzailea, hitzaldi bat eskainiko du. Brizuelak laguntzailearen garrantziari buruz hitzegingo du, tratu txarrak antzematen dituen lehenengo pertsona delako eta erasotutako emakumea laguntzen duena delako.

Bihar- azaroak 15- “Nagore” filma eskainiko da, Helena Taberna zuzendariarena, arratsaldeko seietatik aurrera, leku berdinean. Pelikulan Nagore Laffange gaztearen heriotza bortitza San Fermineko jaietan azaltzen da. José Diego Yllanes psikiatrak hil zuen Nagore.

Azaroaren 23an Impromptu taldeak “El cine y la música” ikuskizuna eskainiko du Berango Antzokian 19:00etan. Kontzertuan pelikuletako soinu-bandak entzungo dira eta Ana Ispizua biolontxelo-joleak eta Ikerne Goikoetxeak parte hartuko dute.

Emakumeenganako bortizkeriaren kontrako kontzentrazioa azaroaren 25ean izango da, 11:30ean, metro geltokiaren ondoan. Bi ordu beranduago, Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak antolatutako antzeko ekitaldi bat egongo da Gorlizeko elizako enparantzan. Azaroaren 25ean bertan antzerkia egongo da Berango Antzokian. 18:30ean Torpedo Level konpainiak “Amor y desamor” antzeztuko du, umorearen ikuspuntutik, bikoteen harremanetan existitzen den bortizkeria eta eguneroko errealitatea isladatuz.

Iraine Estebanezek hitzaldi bat aurkeztuko du azaroaren 30ean Berangoko antzokian. “Tengo ganas de ti, ¿pero qué pasa conmigo?” 12 urtetik gorakoei eta gurasoei zuzenduta dago. Arratsaldeko zazpietatik aurrera, “Mi novio me controla lo normal” blogaren egileak pelikula, abesti eta eguneko bideoklipen interpretazio ezberdina erakutsiko du.

Ekintzak abenduaren 3an amaituko dira, Uribe Kostako Mankomunitateko Emakumeen Kontseiluaren saio batekin. Arratsaldeko bostetan, Berangoko udalbatza-aretoan bilduko dira, herriko emakume guztientzat eta mankomunitateko beste sei herrietako emakumeentzat zabalik dagoen deialdian. Kontseilua amaituta, parte hartzaileak udaletxearen aurrean manifestatuko dira bortizkeria sexistaren kontra.