Albisteak

 

Tailerretako gaiak Mankomunitatean jasotako ohizko esperientzietan oinarritzen dira.

Berangoko Baterako Hezkuntzako Eskolak gurasoek, beraien seme-alabek adin ezberdinetan, jaioberriak direnetik 18 urte bete arte, duten garapenaren ezaugarriak ezagutzeko tailer interesgarri batzuk antolatu ditu. Ekimenaren helburua gurasoek arazo desberdinei aurre egiteko baliabide praktikoak izatea da. “Gaiak ez dira bat-batean sortu, baizik eta Uribe Kostako Mankomunitatean izandako esperientzietan, droga eta familien arloetan, adibidez, oinarritu garela. Gurasoak larritzen dituzten egoerak izan dira kontuan, baita sarritan sortzen diren arazoak ere”, azaldu zuen Ane Miren Ayok, ikastaroak bultzatu dituen Berangoko Udaleko Berdintasun Sailaren arduraduna.

Azaroan emango diren hitzaldietan gai desberdinak jorratuko dira, hala nola, bizitzaren garai horietako garapenaren berezitasunak, ohitura batzuk ezartzeko moduak eta hau egiteak suposatzen dituen abantailak, sor daitezkeen arazo desberdinak tratatzeko baliabideak eskaintzea eta desoreka posibleak antzematea. 
 
“Umeen psikologo batek eskainiko ditu eta gurasoei hezkuntzaren arloan bidea erakusteko arau praktiko batzuk ematean datza, zalantza pertsonalak argitzeko helburuarekin”, azpimarratzen du Ayok.

3 urte arteko umeen gurasoek seme-alabei buruzko gai oso interesgarriak ikas ditzakete. Azaroaren 8tik aurrera emango diren hitzaldietan, jaioberriaren adimenaren eta alderdi fisikoaren garapenari buruzko arloak, hizkuntzaren jabetze-prozesua, garapen soziala edo bularreko haurraren eta lehenengo haurtzaroaren psikopatologia azalduko dira. 
 
4 eta 6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoei adimenaren eta hizkeraren garapenari buruzko ezagutzak, arauak nola barneratu, moralaren garapenaren hasierara hurbiltzeko jarraibideak eta ikaskuntzaren gora-beherak, beste gai batzuen artean, irakatsiko dizkiete.

6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoentzat beste lau hitzaldi antolatuko dira azaroaren 7tik aurrera. Kasu honetan, modu atsegin batean ere, adimenaren garapena lehen hezkuntzan, nola komunikatu seme-alabekin, autoritatea nola ezarri, eskolako etekinak eta ikasteko ohiturak  azalduko dituzte. Jorratuko diren alderdien artean, trebetasun sozialak, arazoak konpontzen ikastea eta adierazpen somatikoan ala gure seme- alaben jokaeran desorekak antzematea, eta horrelako  ildoak dituzten gaiak ere tratatuko dira.

12 eta 18 urte bitarteko gazteen gurasoek, adin horretan gertatzen diren aldaketei buruzko azalpen interesgarriak entzungo dituzte, eta aurkitu ahal dituzten arriskuak, hezkuntza afektibo-sexuala eta substantzien menpekotasunaren aurreko prebentzioa ere azalduko zaizkie.

Tailerrak Berangoko Gaztegunean eramango dira aurrera, 18:00etatik 19:30etara. Parte hartu nahi duten pertsonek izena eman dezakete kultur etxeetan, urriaren 26an baino lehen.