Albisteak

 

Parte-hartzaileak

18 eta 30 urte bitarteko Berangon erroldatutako neska-mutil guztiek hartu ahal izango dute parte, nahi izanez gero.

Gaia

Logotipoen gaia librea izango da eta 2011/ 2012 urteetan zehar eginak badira aurkeztu ahal izango dira, beste lehiaketa batera aurkeztu ez badira.

Logotipo mota

Pertsona bakoitzak, gehienez 3 logotipo aurkeztu ahal izango ditu.
Logotipoak paperean aurkez daitezke kolorez, DINA4 formatuan.
Ordenadorez eginez gero, JPG, BMP edo TIFF formatuan aurkeztu beharko dira CD batean.

Diseinu guztiak jatorrizkoak, argitaratugabeak eta beste edozein lehiaketatan saritu gabeak izango dira. Erabilitako irudi, clipart edo diseinuen eskubideen jabea izan beharko da egilea, eta egilea bera izango da lehiaketan parte hartuko duena.

Logotipo bakoitza, izen edo izenburu batekin aurkeztu beharko da; horrela, logotipo bakoitza identifikaturik egongo da. Izena edo izenburua ez da diseinuaren parte izan behar eta lanaren atzealdean zehaztu beharko da (DINA4 orrialdearen atzealdean).

Araudi honetan markatzen diren gutxienezkoak betetzen ez dituzten logotipoak, lehiaketatik kanpo geldituko dira.

Lanak aurkeztea

Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek 2 gutun-azal aurkeztu beharko dituzte.

- Lehenengo gutun-azalean, lehiaketara aurkezten diren logotipoak entregatu behar dira, kolorez, DINA4 batean inprimatuta, dagokien izenburuarekin; beraz, logotipo bakoitzari izen bat eman beharko zaio, identifikatzeko.

- Bigarrengo gutun-azalean honako datu hauek sartu behar dira:

•Aurkeztutako lanen izenburuak. Hauek beste gutun-azalean sartutako lanekin bat etorri beharko dira.

•Egilearen datu orokorrak: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, e-maila eta jaiotze-data.

Gutun-azal bietan, kanpoaldean, honako hau idatzi beharko da: "Berangoko Gaztegunearen logotipo lehiaketa", eta aurkezten diren lanen izen edo izenburuak.

Lanak postaz bidaliz gero, gutun-azal biak postetxeko gutun-azal barruan sartuko dira.

Logotipoak pertsonalki aurkeztu ahal izango dira edota postaz honako helbidera bidali:

BERANGOETA KULTUR ETXEA
c/ Simón de Otxandategi nº64
C.P: 48640 – Berango
Bizkaia

Lanak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 9an, gaueko 24:00etan bukatuko da.

Postaz bidalitako lanei dagokienean, gutun-azaleko zigilu-marka 2011ko urtarrilaren 9ko data edo aurreko-data dutenak bakarrik onartuko dira.

Epaimahaia

Epaimahaia lehiaketako antolatzaileak izendatuko ditu eta 5 kidez osatuta egongo da.

Epaimahaiko kideak Udaleko ordezkariak eta diseinu grafiko eta kreatibitate lan arloarekin erlazionatutako profesionalak izango dira.

Epaia

Epaia 2012ko urtarrilaren 13an jakinaraziko da eta parte-hartzaile guztiei helaraziko zaie posta elektronikoz. Sariak Udaleko Gazte Sailak egoki ikusten duen egun eta orduan banatuko dira eta irabazleari posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jakinaraziko zaio.

Epaimahaiak lan bati emango dio saria baina, logotipoa erabiltzeko behar diren betekizun guztiak betetzen duenik ez badago, logotipo bi aukeratu ahal izango ditu epaimahaiak, elkarren osagarri izan daitezen; beraz, lan biei emango zaie saria, sariaren zenbatekoa erdibana zatituz.

Horren ostean, proposamen bi horietatik ateratako ideia multzoa berriro diseinatuko da, eta horren berri emango zaie sarituei posta elektronikoz edo telefonoz.

Aurkeztutako logotipoak, epaimahaien ustez, maila artistiko baxukoak badira edo Gaztegunearen zein udalerriaren irudiarekin bat ez batatoz, irabazlerik gabe utz dezake lehiaketa epaimahaiak, lehiaketaren gutxienezko maila artistikoa zaintzeko helburuarekin.

Sariak
Saria: 500 €.

Jabetza

Sarituak izan diren lan guztiak Berangoko Udalaren esku geratuko dira eta, honek, jendaurrean erakusteko eskubidea izango du, Udal Kultura Ondarearen parte izango direlarik. Halaber, Udalak ezin izango ditu lan hauek saldu.

Bestalde, egileak ezin izango du egile-eskubiderik eskatu.

Sarituak izan ez diren lanak epaimahaiak epaia eman duenetik 3 asteko epean jaso beharko dira. Epe horretan jaso ez badira, Berangoko Udalaren esku geratuko dira.

Parte hartu duten logotipo guztiekin erakusketa bat jarriko da Gaztegunean, oraindik zehaztu gabe dagoen datan.

Oharrak

Lehiaketan parte hartzeak oinarri guztiak onartzea dakar.
Lanak beren helbidera iristen ez badira, antolatzaileak ez dira erantzule izango.

Aurkezpen eta identifikazio baldintzak betetzen ez dituzten lanak, lehiaketatik kanpo geratuko dira.